XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itsasoaren beste aldean egon zen garaian, era askotako nazioarteko gertakizunekin harremanak izan zituen.

Zuzenean ezagutu zituen beste herrialdeetako jendearen ohiturak; eta, aldi berean, beste ordezkariei bere herrikoen dantza, musika, folklorearen eta ohituren berri eman zien.

Elkar trukatze horrek Neori aukera eman zion bere kultura beste herrietako kulturekin alderatzeko.

Programaren barruan, Neori talde txiki batean lan egitea egokitu zitzaion, beste herrialdeetako bi ordezkarirekin batera.

Lana, interesgarria baina neketsua zen, eta Columbus eta Dayton hirietan egiteko prestatua zegoenez gero, hiru lankideak Daytongo egoitza batean bizi ziren.

Elkarrekin egonda, lana hiruren artean egin zezaketen eta aukera zuten atseden garaia elkarrekin igarotzeko.

Egoitza lau solairuko etxe garai bat zen.

Neori gela bat eman zioten, eta beste bi lankideak elkarrekin jarri zituzten eraikuntzaren beste aldean.

Hasieran Neori bakarrik eta mundutik kanpo zegoela iruditu zitzaion, baina laster ohitu zen, eta gainera, gustora egiten zuen lan, eta eskutitzak buru belarri idazten aritzeko aukera zuen.

Noizean behin, lankideekin elkartzen zen hizketaldiren bat izateko, eta hirurek otorduak, eta baita ibilaldiren bat edo beste ere, elkarrekin egiten zituzten.

Neok Daytonen zeraman bigarren astean, egoitzan hiriko eta inguruko auzoetako neska gazte talde bat bildu zen, mintegi batean lan egiteko.

Ia beti isilik eta bakean egon ohi zen egoitza hura aldatu egin zen gazteak iritsi zirenean.

Bazter guztiak barrez eta elkarrizketa algaratsuz bete ziren, baina, noizean behin, aspaldian elkar ikusi ez zuten adiskideen oihuek isilarazten zituzten.

Zaratak oso gora egiten zuenean, nazioarteko hiru ordezkariak gelara jaisten ziren zer gertatzen zen ikustera.